XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) 3,30etan eskolara dotrina ematera.

Eta bidaia ongi aprobetxatzen zuela esan daiteke.

Dotrinaz gain gauza gehiago ere ematen bait zituen: beldurra, masailekoak, txertu txikiak (besoan egiten zituen zimiku mingarri porrokatuak)...

Ostegun arratsaldetan denak han egoten ginen, eskolako atetik Kizkiberri baserriko kaskora begira, apaizaren irudi beltz mugikorra noiz baino noiz agertuko.

Ostegunen batean ez bazen azaltzen, guretzat ez zegoen horrelako oparirik.

Nahiago genuen mila aldiz maistra sorgin harekin egon.

Baina gure Anttonio ez pentsa horrelakoekin ere izutzen zenik.

- Poco miedo, etxeko leihotik -esaten zuen.

Gure eskolan gaudek, bera duk arrotzàrrotz: ezezaguna, kanpotarra bakarra.

Eta apaizak ere jakin horrelakoetan nori galdetu.

Anttonio lasai ordea, ez pentsa gero lotsatu edo beldurtu edo horrelakorik egiten zenik.

Harentzat egoera horiek ezezagunak ziren.

Egun batean, behintzat, Don Fran-franek hor galdetzen dio:

- Ea, Anttonio, ba al dakizkik Jaungoikoaren hamar mandamentuak?

Eta gure lagunak lasai arraio:

- Letra oraindik ez, Jauna, baina doinua bai.

Harrapazak hori!

Orduan dena kantari ikasten genuen, eta Anttoniok buru txarra nonbait letra ikasteko, baina belarri ona izaki musikarako.

Hala ere apenas landu zuen musikarako trebezia hori inongo kontserbatoriotan.

Kazkazuriren bertsoak kantatzeko pizarren bat, baina hortik aurrera gutxi.

Don Fran-fran berriz han uzten zuen silari itsatsita zer esan ez zekiela, hasarre bezain mutu.